XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AURRETIK IRAGARTZEN DA GEROA

Karmele Aierbe EHEko Arduradun Nagusia

EUSKALDUNTZE prozesua gehiegi arindu da eta ondorioz gaitzespen sentimendua sortarazi du politika honek (F. Buesa Gasteizko Jaurlaritzako Lehendiakariorde sozialista eta Hezkuntza Kontseilaria, Egunkaria 1991-X-2).

Beldur gara, euskararen aldeko borrokan eta lanetan dihardugunok eta orohar gure hizkuntzarekiko axola agertzen duen edonork ere beldurra sentitu beharko luke, jada ez badu igarri bere soinean halako hortzikara aurreko adierazpenak leitu ondoren.

Beldur gara bai, gure hizkuntzak izan dezakeen etorkizunaz pentsatzerakoan, adierazpenek etorkizunaren bidea urratzen bait dute edozein injeniarik bidezidor bat eraikitzeko egin ohi duen bezala, aurretik iragartzen bait da geroa.

Euskalduntze prozesua abiada azkarregia daramala aipatu dute, zer nolako abiada ote darama erdalduntzearen prozesuak.

Euskara irla ikustezina baina nabarmena dugu erdararen itxaso zabalean.

Herri honek erdalduntze prozesuan eman duen abiada euskalduntzean emango balu zein onuragarria izango litzatekeen euskararen egoera.

Erdalduntze prozesu etengabe honen indikatzailerik adierazgarriena egun Euskal Herrian euskaradun elebakarren desagerketa da, ordea erdaldun elebakarrak gehiengoa dira.

Euskalduntzea da herri honen normalizaziorako gakoa.

Herri honek bere nortasun propioa lortzeko ekinbidean urrats oso motelak eman dira, jasaten duen deseuskalduntze prozesuak argi frogatzen duenez.

Araban euskaldun kopurua urria da.

Bizkaiko zonalde askotxo erabat erdaldunak dira erta Gipuzkoan ezagutza maila oraindik ere altua bada, erabileraren termometroari gainbegirada emanez kezka berehala sortzen da.

Nafarroan egoera kezkagarriago, bertan deseuskalduntzeko legeak onartzen bait dira.

Iparraldean zer esanik ez, euskarak ez du inolako balio ezta errekonozimendu ofizialik, euskararen egoera are okerrago gertatzen delarik.

Euskararen herria hiru lege ezberdinen pean aurkitzen da, guztietan ere nahiko egoera kaxkarrean.

Horregatik euskarentzako legedia berria eskatzen dugu, euskarak egungo legeekin ezin dezakeelako aurrera egin.

Ezartzen diren minimo legalak ez dira betetzen praktikan euskararen legeak erdararen aldeko legeak bihurtzen direlarik.

Horretaz aparte euskararen praktika elebakarra gauzatu nahi duten herriak, hartutako erabaki autonomoak errekurrituak izan dira, euskaldunon euskara hutsez bizitzeko nahia eta beharra aintzakotzat hartu gabe.

Udalerri euskaldunek frogatzen digute herri honetan, gure Euskal Herri honetan euskaraz bizi daitekeela nahiz eta errealidade itxaropentsu horren aurrean batek baino gehiagok ez ikusia egin.

Herri erakundeen lana euskararen beharra aldarrikatzea da, premia kaleraraztea, gure hizkuntzarekiko autoestima eta atxikimendua sortzea, eta zergatik ez erdaldunak euskara ez jakiteagatik lotsaraztea, Euskara ikasi dezaten akuilatu.

Instituzioek ere lan horretan badute zeresana.

Hizkuntzaren normalizazioak herriarena dakar, Euskararen aldeko politika herrigintzan errotzen da, Euskararen egoerak bereziki bere aldeko diskriminazio positiboa eskatzen du eta antzeko esaldiak instituzioetatik entzun eta irakurri izan ditugu.

Non gelditzen dira asmo zoragarri horiek?

Paper hutsean.

Nola onar daiteke bestela Buesak eginiko adierazpenak?

Buesak zera esan du, alderdi politikoen aldetik ez da erantzunik entzun.

Zertan daude bada?

Akaso ados daude.